← Saiora itzuli

Erreferentearentzako gidoia

Zentzu estokastikoko saioa zure ikastetxean partekatzeko laguntza, prestakuntzako lau orduak zeure kabuz berreraiki behar izan gabe.

PDFa ireki / deskargatu
Ez duzu saio osoa errepikatu behar. Gidoi honek ideia nagusiak partekatzen eta ikastetxeko irakasleei proposamenak segurtasunez hurbiltzen laguntzen dizu.

1 · Hasi saioa kokatzen

Ubideko saio honetan zentzu estokastikoa landu dugu hiru proposamen didaktikoren bidez, ziklo bakoitzeko bat. Parte-hartzaile guztiek hiru tailerrak egiten dituzte, ikastetxeak inplementatuko duen zikloa edozein dela ere.

Ez da beharrezkoa curriculum- edo didaktika-oinarri osoa aurkeztea. Kontsultatu nahi duenarentzat eskuragarri egongo da.

2 · Lehen zikloa · Arratsalde pasa!

Proposamenak taldearen beraren datuak erabiltzen ditu erabaki partekatu bat hartzeko. Ikasleek informazioa bildu, antolatu eta irudikapen manipulagarrietatik taula, grafiko eta piktogrametara egiten dute aurrera, irudikapenek zer erakusten duten interpretatzeko eta informazio hori erabakiak hartzeko erabiltzeko.

Taldeari zati bat biziarazi nahi badiozu

Taldeari lehentasunei buruzko galdera erraz bat egin eta erantzun bakoitza pilatu daitekeen objektu batekin irudika dezakezu. Grafikorik marraztu aurretik, alderatu zutabeak eta egin galderak: zein aukera agertzen den gehien, zein gutxien, zer alde dauden eta datu horiekin zer erabaki justifika daitekeen. Ondoren, irudikapen manipulagarritik grafikora egiten den trantsizioa ikusgai egin daiteke.

Labur hitz egiteko

3 · Bigarren zikloa · Jolas-ordurako jolas berria

Proposamenak pentsamendu probabilistikoa intuiziotik eta esperientziatik garatzen du. Gertaera seguru, posible eta ezinezkoetatik abiatzen da, esperimentu errepikatuekin jarraitzen du eta aukerak alderatzera, aurreikuspenak egiaztatzera eta aukera guztiek ezinbestean probabilitate bera ez dutela antzematera eramaten du.

Taldeari zati bat biziarazi nahi badiozu

Poltsa, dado edo erruleta bat erakutsi eta lehenik aurreikuspen arrazoitu bat eskatu dezakezu. Ondoren, egin hainbat proba, erregistratu emaitzak eta alderatu espero zenutenarekin. Bigarren aukera bat erruleta baten osaera aldatzea eta zer emaitzak aukera gehiago dituen eta zergatik eztabaidatzea da, jarduera oraindik kalkulu formal bihurtu gabe.

Labur hitz egiteko

4 · Hirugarren zikloa

Aurreko ikasturtean erabilitako proposamena ez da Ubide 2026-2027ren parte izango. Atal hau 3. zikloko ikas-egoera berria diseinatuta dagoenean osatuko da. Aurreko materiala aurrekari gisa baino ez da gordetzen, eta ez da ikastetxean indarreko proposamen gisa aurkeztu behar.

5 · Aurkeztu inplementatzeko aukerak

Ikastetxeak inplementatuko duen zikloa erabakita badu, proposamen horretan jar dezakezue arreta bereziki. Oraindik erabaki gabe badago, prestakuntzak lagun dezake ikasleekin, programazioarekin eta ikasturteko unearekin hobekien egokitzen den aukera baloratzen.

Inplementazioa ez da nahitaez saioaren ondoren berehala egin behar.

6 · Egokitzea posible da

Ikas-egoera osorik inplementa daiteke, haren zati bat aukeratu edo egokitu. Baldintza nagusia da aldaketak proposamenaren funtsezko helburu matematikoa ez ezabatzea.

7 · Une egokia iristen denean

aukeratu → inplementatu → lagin txiki bat gorde → zer gertatu den labur kontatu

Ez da ikasgelari buruzko ikerketarik egin behar, ezta ikasleen pentsamendua sakon aztertu ere.

8 · Gogoratu zein den zure egitekoa

Itxierako ideia: kontua ez da Ubideko saioa zehatz-mehatz erreproduzitzea. Helburua da ikastetxeko irakasleek matematika lantzeko beste modu batzuk ezagutzea eta ikasgelan probatzeko behar adinako segurtasuna sentitzea.